Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Arantza

Datu interesgarriak


  • Autonomia Erkidegoa: Nafarroa.
  • Probintzia: Nafarraoa.
  • Kategori Historikoa: Hiria.
  • Kategori Administratiboa: Udalerria.
  • Auzitegi Barrutia: Iruña.
  • Merindadea: Iruña.
  • Eskualde Geografikoa: Bortziriak.
  • Biztanleak 2020an: 608 biztanle.
  • Azalera: 31,2 Km².
  • Garaiera (herriko etxean neurtuta): 271 metro.
  • Iruñea arteko distantzia: 75 Km.
  • Loturak/Sarbideak: N-121-A. NA-4020.
  • Herritar izena: Aranaztar.

Geografia


Arantza Nafarroa iparraldeko herri txiki bat da. Iparraldetik Lesakarekin egiten du muga, ekialdetik Igantzi eta Sunbillarekin, hegoaldetik Ituren eta Zubietarekin eta azkenik mendebaldetik Goizuetarekin.

Arantza Bortzirietako herri bat da. Izenak adierazten duen bezala, bost (“bortz”, bertako euskalkian) herrik osatzen dute: Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza.

Arantzara ailegatzeko errepide mehar bat hartu behar da Berrizaun-en, Irun-Iruñea errepidean. Iruñetik 75 km-tara dago, Donostiatik 50 km-tara, Irun-dik 30 km-tara eta Baionatik 60 km-tara.

Herria Arrata (Bidasoa ibaiaren adarra) errekaren gainean eta Ekaitza mendiaren ipar magal aldapatsuan dago. Eskualdeko herririk menditsuena da. Inguruko mendiak hauexek dira: iparraldean Unanua (650 m); Apaola (681 m) eta Mendieder (1074 m) ekialdean; Ekaitza mendia (1034 m) eta Artikutza (1042 m) hegoaldean; eta Araña (1037 m), Bentzuntza (912 m) eta Izu (828 m) mendiak mendebaldean.

arantza_panoramika

Bertako klima atlantiar epela da. Euri ugari egiten du eta maiztasun handiarekin gainera, ez dago idortasunik eskualde hezea baita. Negu leunak izaten dira gehien bat, hotz handirik gabekoak alegia.

Bertako baso eta mendietan oraindik agertzen dira antzinako zuhaitzen arrastoak, horien artean dauzkagu haritzak, beheko lur sailetan nagusitzen direnak; pagoak goi lurretan berriz, eta gaztainondoak erdi aldeko eremuetan. Hauetaz aparte badira hosto erorkorreko bertze zuhaitz batzuk, nabarmentzen direnak, laizarra kasu. Zuhaiztien eremuen hedadurari dagokionez, % 50a gainditzen du eta gainontzekoa belagaiak eta iralekuak dira.

Arantza eta Igantzi arteko mugan, San Juan Xarren ondoan, pago-lizarren (carpinus betulus) basoa dugu. Garai batean Europan oso zabalduta zegoen baso motaren aztarna edo erlikia da. Iberiar penintsula osoan San Juan Xarren bakarrik sortzen da pago-lizarra berez. Hortaz, ingurune hau Natur Erreserba izendatu zuten 1987an, zuhaitz hori babesteko.

Arantzan, gaur egun, 630 biztanle inguru ditugu. Gehienak herrigunean bizi badira, bizilagun asko baserrietan bizi dira, lau auzoetan antolatuta: Eguzkialdea, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea.

Herriak eskaintzen dituen zerbitzuak honako hauek dira: frontoia estalia, haurren parkea, aparkalekua autobusa eta kotxeentzat, medikuaren kontsulta, farmazia, bi kutxazain automatiko, ludoteka (0-3 urte) eta herri eskola (4-13 urte).

Historia


Arantzan gizakiaren lehenbiziko aztarnak orain dela 4.000 urte ingurukoak dira. Hasieran ehiztari eta fruitu biltzaileak ziren gizaki horiek animaliak etxekotzen hasi ziren, ardi eta ahuntz taldeak osatzen. Haien bizilekuen arrastorik ez dugu, bai ordea, heriotz eta lurperatze erritoen aztarnak: trikuharriak, harlauzez osaturiko hilobiak, hildakoaren gorpu osoa lurperatzeko tokiak; eta harrespilak, zutarri txikiez osaturiko zirkuluak, erdian hildakoaren errautsak ontzi batean lurperatzeko tokiak. Hildakoaren gorpu edo errautsen ondoan objetuak (gezi puntak, zintzilikariak,…) agertu dira, ustezko bertze bizitzan lagungarriak izaten ahal zirenak.

Megalito horiek mendi bizkar eta gailur txikietan agertu dira, eta, ziurrenik, inguruko gizakiaren lehenengo aztarnen lekukoak izan ziren: mendi larreak sortzeko, Arantzako basoetan orduan hasi ziren zuhaitzak botatzen. Orduan hasi zen gaurdaino iraun duen lanbidea eta bizimodua: artzantza.arantza1

Arantza XIII. mendean Nafarroako Erregearen menpean sortu zen. Erdi Aroan eraiki ziren lehenengo burdinolak, herrigunetik kanpo eta erreka ondoan, eta hain zuzen Arantzako etxe zaharrenetarikoei izena eman diotenak: Aranibar, Ola eta Ibarrola (“ola”: burdina egiteko lantegia). Olagizonen lanbidearekin batera biztanleen historian garrantzia handia izan zuen bertze ogibidea hedatu zen: egur ikatza egiteko mendi mutilena.

XVII. mendean Ameriketatik ekarritako artoa zabaldu zen, eta horrekin batera, lurrak ontzeko asmatu ziren kisu biziak. Artoa, talo edo “opil” moduan, izan da berriki arte, gazta eta bertze esnekiekin batera, biztanleen oinarrizko janaria.

XIX. mendearen hasieran ola edo burdinola bat zegoen baina mende horren erdirako desagertua zen. Arantzako mendietan lantzen zen ikatza, inguruko herrietako burdin lantegietara eramaten zen. Garai hartan, gainera, hiru errota zeuden herrian, horietako bat garia xehatzeko eta bertze biak artoa xehatzeko.

Behin XX. mendean sartu ondoren, industriaren barnean zeuden jadanik zenbait zentral elektriko eta zenbait zerrategi. 1913. urtean sortu zen “Electra Aranaz” zentral elektrikoa, eta gutxienez 1800 zaldi produzitzen zituen Errenteriako papertegirako edo bertzela mugako trenerako. Kisu-labeak ere martxan jarraitzen zuten Bidasoa ibaiertzeko eskaera guztia asetuz.

Arantzako populazioa pixkanaka igotzen joan da nahiz gora-behera batzuk eduki 1950. urterarte, orduan 1.200 biztanletara iritsi baitzen. Ordutik biztanle kopuruak behera egin du. Anitz dira herritik kanpo ogibidea bilatu behar izan zuten aranztarrak, gehienak herrian ikasitako lanetan aritzera: Ameriketara, artzain; Pirineo eta Alpeetara, mendi mutil; edo kostaldeko hoteletara, neskame eta zerbitzari.

Gaur egun baserriaren ekonomiak porrot egin du, eta nekazaritzatik soilik bizi direnak gutxi dira. Biztanle gehienak Bera eta Lesakako industrialdeetan aritzen dira. Aldaketa prozesu horretan aranztarrek euren nortasunari eusten diote : horra hor artzantzaren presentzia eta larreen zainketa; edo arboladiaren kultura.

Herriko armarria


escudoArantzaArmarri osoa apaingarriz inguratua ageri da eta gainean koroi batekin. Lau laukitan zatitutako armarria da.

Lehendabiziko laukia lau zatitan banatuta dago eta jatorrizko ikurra zen: lehendabiziko eta laugarrenak, zilarrezko fondoa dute eta burdinezko bi aizta makil edo gezi urdin; bigarren eta hirugarrenean, urrezko fondoan, mihi gorriak dituzten bi otso ibiltari ageri dira.

Bigarren laukian, zilarrezko fondoan, zeruko lainoen gainean ihes egiten duen gurutze urdiña ageri da, 724. urte inguruan herriko ortzean azaldu zenaren oroimenez.

Hirugarren laukian, gorrian, Nafarroako Urrezko Kateak, erdian esmeralda berdea duela, Nafarroako erregek Navas de Tolosan Miramolin el Verde-ren kontra irabazitako gudaz geroztik erabili izan dutena.

Laugarren laukian, zilarrean, arte berde bat eta bere alboetan lokarri gorriekin lotutako urrezko bi abarka daude, Antso Abarka-ren armak.

Nabarmendutako aranaztarrak


  • Donato Larretxea: aizkolari_donato_larretxeaEgungo aizkolaririk onenetakoa dugu. Arantzan 1960an jaio zen eta 18 urterekin hasi zen aizkoran plazan. Orduantxe lortu zuen bere lehendabiziko txapela, Euskadiko gazte mailan. Geroztik, hainbat txapelketa irabazi ditu: 3 Euskadikoak eta 9 Nafarroakoak. Gaur egun aizkoran jarraitzen du.
  • Antton Maiz:aranaztarra_destacado2Pilotaria. Hogei urte eman zituen pilota profesionalean, 1975etik 1995 arte. Retegi II.arekin batera eskuz binakako txapelketan txapela gehien duen pilotaria da Arantzakoa: 1979, 1981, 1983, 1984 eta 1993an. Eskuz banakako txapelduna 1976an, eskuz banakako txapeldunordea 1980ean eta eskuz binakako txapeldunordea 1980, 1982 eta 1990ean. Berarekin jokatu duen pilotari oro ez zen atzean gertatzen zenaz larritu behar segurtasunaren pilotaria baitzen Maiz II.a. Kantxan ederto kokatzen zenez ahalegin fisikoa aurrezten zuen eta partidu gogorretan ondo eusten zion piloteoari. Bi esku onak zituen eta partiduaren zama berak eramaten zuen beti. Horretaz gainera pilotari guztiek miresten zuten, gizatasun handiaren jabea baitzen Arantzako “erraldoia”.
  • Juan Miguel Biurrarena: aranaztarra_destacado1Txistularia eta txistuegile haundia dugu. 1849an jaio zen Eskibo baserrian eta 1935ean zendu. 18 urterekin hasita Juan Miguel Biurrarena ttunttunlaria edo txistularia ezaguna egin zen inguruan. Eskualdeko herrietan eta Goierrin txistua jotzen aritzen omen zen besta eta inauterietan. Baina, Juan Miguel txistuegile gisa ere ospetsua izan zen. Txistuak ezpelaren egurrarekin egin eta Euskal Herri osoan saldu zituen. Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izan zen.

Nekazaritza eta abeltzainzta


ArantzaGarai batean aranaztar gehienak nekazariak eta abeltzainak ziren. Gaur egun, ordea, jende gutxi bizi da baserritik, gehienak baliabide osagarri gisa.

Abeltzaintzak nekazaritzak baino indar handiagoa du. Nabarmentzekoak dira frisona eta alpina arrazako behiak, esnetarako ardi latxak eta behorrak. Garrantzi txikiagoa dute zerriek eta hegaztiek.

Alor asko belagai bihurtu dira. Sektoreak abeltzaintzara jo du, eskualde guztian bezalaxe. Baratzeak edo alorrak lantzen dira, oraindik ere, eta han egiten diren produktuak (familiaren kontsumorako) honako hauek dira: patata, tomatea, tipulak, barazkiak, banabarrak,… Azienden kontsumorako nekazaritza ere lantzen d: artoa, arbia, belagaiak, iratzea,..

Nekazarientzako kooperatiba bat dago (Bortzak Bat 948 63 40 26).

Azaroaren 1ean ospatzen den baserritarren egunean bada aukera Arantzako baserrietako produktuak ikusteko, dastatzeko eta erosteko.

Oihangintzak garrantzia handia du herrian, udalerriaren erdia baino gehiago oihanez estalita baitago.

Industria


Industriak hartu du nekazaritzaren tokia ekonomiaren oinarri gisa. Arantzan ez dago industriarik baina herritar gehienak beste herrietako industrietan aritzen dira lanean: Lesakan, Beran,… Eskualdea gaur egun oso zigortua dago krisi ekonomikoarengatik.

Herrian zentral hidroelektriko bat dugu eta eraikuntzako enpresa txiki bat.

ZERBITZUAK


Arantzan badira zenbait denda bertakoen beharretarako, baina zerbitzu berezietarako ondoko herri handietara jotzen dute: Lesaka, Bera, Doneztebe, Irun,….  Aipagarriak dira ostalaritzako tokiak: 3 jatetxe, aterpetxe bat, hotel bat eta 8 landetxe.