Egun on guzioi,
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, hurbiltzen ari da eta, horregatik, Nafarroako Berdintasun Teknikariek prestatu dugun komunikazio kanpaina partekatu nahi dugu.
2025eko otsailaren 28an Arantzako Udalak egindako osoko bilkuran aho batez aurtengo M8ko adierazpen instituzionalarekin bat egin zuen.
Aurtengo leloa “Desberdinkeria errealitate, justizia lortzeke” da. Kanpaina, adierazpen instituzionala, kartel orokorra eta Bortzirietako ekintza guzien informazioa Berdintasun Zerbitzuaren webgunean aurkituko duzue: https://bortziriakberd.eus/kanpaina/martxoak-8-3/
Honekin batera, hemendik aurrera gure kanpaina guziek “Irakurketa errazeko” adierazpenaren bertsioa izanen dutela berri eman nahi dizuegu. Zer da? Bertsioa Anfas elkarteak egin digu, irakurtzeko zailtasunak dituzten desgaitasun kognitiboa edo intelektuala duten pertsonentzako kanpainaren irisgarritasuna aintzat hartzen duen bertsioa da.
Irakurketa erraza da edukia errazago irakurtzeko eta ulertzeko aukera ematen duen egokitzapena. Testua ez ezik, ilustrazioei eta maketazioari buruzkoa ere bada. Irakurketa erraztzat jotzen da, halaber, testuak denentzat ulergarriago egiten dituen metodoa, ulermenerako, ikaskuntzarako eta partaidetzarako oztopoak kenduz.
Irakurketa erraza laguntza teknologiatzat hartzen da, eta irisgarritasuna errazten duenez, demokrazia ere bultzatzen du. Hau da, informaziorako sarbidea horrelako teknologien bidez erraztea ez da eskubide bat soilik, beste eskubide batzuk erabiltzea ahalbidetzen du, hala nola gizartean eta politikan parte hartzea edo ingurunean modu autonomoan moldatu ahal izatea.
Aurten M8 larunbata izanik, herritarrak eskualdeko mugimendu feministaren mobilizazio desberdinetan parte hartzera animatzen ditugu.
Mila esker eta ongi izan,